jueves, 14 de febrero de 2019

Arbola Eguna 2019

Aurtengo zuhaitz eguna heldu dela! Eguraldi ederra, basozainen bisita eskolara, zaurituta zegoen zapelatz bat ere askatuko dugu... eta arratsaldean zuhaitzak landatu eta berendua! Hementxe dituzue abesten ditugun bertsoak eta laster paratuko ditugu argazkiak behean!

Nola ez dugun falta
Igantzin mendia
bertara etorri eta
gozatu begia
Zuhaitzek badaukate
abantail haundia
Udarako itzala
txorien kabia
paisai ederragoa 
ta haize garbia.

Inork ez du landatzen 
bertzeek mozteko
arbolak beharrezko 
dira bizitzeko
zer egin dezakegu
hauek indartzeko 
guk landatu ditugu
eskola galtzeko
arrazoi bat gehiago
natura zaintzeko.

Eskolatik etorri
gara landatzera
Guraso ta ikasle
guztiak batera
baina luzatu gabe
kantuak sobera.
Gure bertsoek hemen
dute bukaera
utzi kantatzeari
goazen berentzera.

04/05-10/11 3. zikloa
Doinua: Antton eta Maria ("batetikan korroska")

-----------------------------------
Igantzia aldean ospatzen dugu
gaur arbolaren eguna
hondarko urtetan bihurtu zaigu
aski gauza ezaguna
lan hau (eg)iteko izandu dugu
norbait lagundu diguna
aitzurra hartu, zuloa egin
hara plantatu duguna!

Kontent dagozi Frain inguruan 
txantxangorri eta usua
kontent dagozi Frain inguruan
bele ta eskinusua
kontent dagozi miru, okila
zozo, eper ta kukua
haritz hauetan badutelakoz
kabia e(g)iteko lekua.

Landare hauek haziko dire
urteak pasatu ahala
zainak sendotuz joanen dire
gorputza hartuz azala
adar sendoek emanen dute
nornahirentzako itzala
gure naturak eman diguna
jendeak zaindu dezala

94/95 3. zikloa
Doinua: Lehio ertzetik entzun dezaket
--------------------------------------------

Zuhaitz Eguna dugu
bai egun alaia
urtea ondo hasteko
egiten den jaia
hasieran nekeza
gero ez da zaila
handienek ederki
txikienak saia
baso bihurtuko da
lehen zena zelaia

Animaliak daude
basoan seguru,
lur ta urei eusteko
ere balio du
basoak lotzen ditu
zeru eta zoru
bizitza indartzea
daukagu helburu
zuhaitzak jarri baino
gehiago egin dugu
Baina ez da gertatzen
hori berehala
hau aditzen duenak
ulertu dezala
adar gutxi dituzte
enborra argala
babestu beharko dira
handitu ahala
maitatu eta zaindu
lagunak bezala

Landatu eta gero
mordo bat guztira
lana bukatu denez
eman dugu bira 
zuhaitzak bertan utziz
bagoaz herrira
eta zalantza sortu
atzera begira
gu baino luzeago
biziko ote dira?

2018-2019
(Antton eta Maria doinuan ere abestu daiteke)